XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Mitologiazko andere paregabea
Caritate, Luis Haranburu Altuna. - Kriselu.

135 orrialdeko liburutxo arina, poltxilokoa, Selecciones de Biblioteca Oroko Agatha Christieren tamainakoa, euskal nobelagintzan ia zeron aurkitzen bagara, badirudi Caritatek nobelagintza berri bat urratu behar duela.

Nobelaren mamia bizia, sakona, bortitza eta ia tragikoa da.

Caritate mitologiazko andere paregabeak ikusgarrizko erakartasuna eta arrakasta ditu.

Jaun errege, diktatore eta faxistatik hasi bai eta milaka gizon arruntek dastatu ahal izan zituzten Caritateren etzalekuaren atseginak.

Caritate pertsonaia, bibliko bat iduriz, atsegin betezko itsaso zabal eta erakargarria da.

Xunditurik lagatzen zuen gizaki oro eta buztanak xut.

Hiru egun eta hiru gauez iraun zuen Caritateren orgasmoak, berriz, maitale ikasi, landu eta pizkor baten eraginez.

Euskal tabuak hausteko aparteko nobela.

Bere pertsonaia handituen azpian eguneko sozial egoera bihurria aztertzen eta kritikatzen da.

Nobelak nobelaren hariarekin zerbeza batzu hartzen ari den egilearen zenbait gogoeta tartekatzen ditu.

Estilo berri honek irakurlegoa eta nobelagilea harreman biziago batean lotzen du.

Euskara aldetik guztiz irakurterraza dela aipatu behar da, eta hori da nere iritzian garrantzitsuena.

Halere, mordoilokerian erortzen dela esan daiteke.

Euskarak batere indarrik galdu gabe erabil baititzake gaztelaniaz jaulkitzen dituen hitz zerrendak: Semen, manera, zigarrilloak fumatu, negazioa, matriarkatuaren instauratzailea, t.a.

Akats hauek gorabehera, bejondeizula Luis Haranburu, eta jarrai hortik, bada Euskal Herrian holako nobelagintza berri baten behar bizia eta, euskara eta euskalduna berpizteko.